Cambem-ek, mandinga hizkuntzan, emakumeen ahotsak esan nahi du, argi utzita proiektuaren protagonista nagusiak zeintzuk diren. Izan ere, Cambem proiektuaren helburu nagusia Ginea Bissauko emakume eta neskatoen sexu eta ugalketa eskubideak sustatzea da.

Bissauko hainbat auzotan, emakumeen ahalduntze kolektiborako tresnak eskaintzen dira, alfabetatzearen, ekintzailetzaren eta sexu- eta ugalketa-eskubideen inguruko prestakuntzaren bidez. Horretarako, arreta berezia jartzen da indarkeria matxisten prebentzioan (emakumeen genitalen mutilazioa, behartutako ezkontzak, haurren bortxaketak), eta, aldi berean, protagonisten parte-hartze aktiboa sustatzen da, haiek izango baitira aldaketaren eragileak erreferentziazko komunitateetan.

Bissau bertako 20 neska-mutil gazte boluntarioz osatutako talde bat da inplikazio betean proiektua aurrera eramaten duena. Alde batetik, Belém, Ajuda eta Militar auzoetako 20 gaztez osatutako beste talde bat trebatuko dute. Pertsona horiek behin hezita, sentsibilizazio-lan bera egiten dute komunitateetan atez ate. Bestalde, 20 emakume helduren talde bat artatzen da, denak garai batean emakumeen genitalen ablazioa praktikatzen zuten fanatekak. Alfabetatu eta etxeko ekonomian trebatzen dira, eta ekintzailetza-leku bat ematen zaie joskintzaren bidez.

Era berean, Osasun Eskola Nazionalarekin sinatutako esku-hartzeko hitzarmen batek sektore soziosanitarioko etorkizuneko profesionalei aukera ematen die sexu- eta ugalketa-eskubideei eta indarkeria matxisten prebentzioari buruzko saioetan parte hartzeko.

Azkenik, Euskal Herrian ere sentsibilizazio ekintzak egiten dira arazoaren eta lantzen diren konponbideen berri emateko, bai unibertsitateko ikasleentzat, bai gainerako publikoarentzat, modu irekian.